Categories
Bost minutuko ikastaroa

Berdin izan

Euskara hobetzen

Zalantza hau daukagu: berdin dit (zait) jolastu/jolastea. Zein da zuzena?

Berdin izan aditz-lokuzioa, Euskaltzaindiaren Hiztegiak erakusten duenez [EH:berdin izan]da/du/dio/zaio izan daiteke.

Beraz, berdin dit eta berdin zait, biak dira egoki (eta orobat berdin da eta berdin du).

Osagarriak ere hainbat eratakoak har ditzake: izenezko osagarriak (Berdin da bat edo bestea;

Berdin du edozein bide),

Zehar-galderak: Berdin dit zer esaten duzun; Berdin zait nora joan,

Aditz-izena: Berdin zait hemen geratzea

Partizipiozko egitura hautakaria:

Berdin dit joan edo/ala ez;

Berdin dit jolastu edo askaria prestatu

Kontzesiboa: Berdin zaio hamar aldiz eskatuta ere

Galderako Berdin dit jolastu/jolastea aukerari buruz, esan behar da biak izan daitezkeela egoki baina lehena (partizipioa) ez dela erabiltzen bere horretan, soilik, baizik egitura hautakarian edo galdetzaile batekin: Berdin dit jolastu edo ez; Berdin dit jolastu edo irakurri; Berdin dit norekin jolastu… Adibideak, OEHtik: Berdin zitzaion iparrera igo edo egoaldera jetsi (T. Agirre, Uztaro, 212. or.), Berdin du, gainera, horrela izan nahiz ez izan (MEIG VI 119).

Horrez gainera, ikus hau ere: “Aditzaren jokabidea: bakean utzi (du/dio), berdin izan (dio/da/zaio)” (JAGONET).

Informazio gehigarria: berdin izan (EBE)