2019-11-29

Jakizue guztiok ZERGATIK ospatzen dugun azaroaren 25a:
1981ean deklaratu zuten Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna, Bogotan, Kolonbian, izan zen Latinoamerikako lehenengo topaketa batean. Topaketa horretan, gizarteko eremu guztietako genero-indarkeria salatu zuten emakumeek, eta, era berean, etxeko tratu txarrak eta erailketak, bortxaketak, sexu-jazarpena eta emakumeenganako indarkeria oro har. 

Mirabal ahizpen asasinatzea ez ahazteko aukeratu zuten egun hori. 1960ko azaroaren 25ean Trujillo diktadorearen polizia sekretuak hil zituen hiru ekintzaile horiek Dominikar Errepublikan.

1999an Nazio Batuen Erakundeko Biltzar Nagusiak egun hori ospatzea eta nazioarteko eguna izatea erabaki zuen emakumeen aurkako indarkeria salatzeko eta desagerrarazteko helburuarekin.

Emakumeenganako indarkeria gizartearen gaitz bat da, eta haren jatorria gizonezkoen eta emakumezkoen artean islatzen den desberdintasun- eta botere-harremanetan dago.
Guk, irmoki ARBUIATZEN dugu emakumeen aurkako edozein indarkeria-ekintza, fisikoa nahiz psikologikoa, sexuala nahiz eguneroko keinuena (mikromatxismoak), emakumeen oinarrizko eskubideak eta askatasunak urratzen baitira.

Indarkeriaren justifikazioarekin AMAITU nahi dugu (maitasuna, babesa, kontrola…), eta salatzera eta biktimen babesa bermatzen duten tresna guztiak erabiltzera animatzen dugu.

Sektore guztietan ESKUBIDE- eta AUKERA-BERDINTASUNA eskatzen dugu: hezkuntzan, lan eremuan, gizartean… Izan ere, arazo honek gizarte osoa ukitzen du, eta beraz, lan egin beharra dago heziketan, prebentzioan, sentsibilizazioan…

Adierazten dugu egungo GENERO-ESTEREOTIPOEK baldintzatu egiten dutela Emakumezko eta Gizonezko garen aldetik daukagun askatasuna, eta guztion artean eredu positiboak berreraikitzera animatzen dugu.

OLAZABAL BHI-ak KONPROMISOA HARTZEN DU, berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka jarduteko. Horrez gainera, neska gazteek eta nerabeek jasaten duten indarkerian arreta berezia jarriko dugu, beldurrik gabe bizitzeko eta indarkeriaren aurrean geure burua defendatzeko.

Olazabal BHI
telefonoa943 89 92 13
helbidea
San Martin Auzoa 16, 20230 Legazpi
  • Kokapena
    Lege oharra | Pribatutasun politika | Cookie Politika